2007-12-03

Haur Kanten Garrantzia

Haur Hezkuntzan haurrekin kanta asko lantzen dira, baina zertarako dira onuragarriak kantak?
Hasteko, abestien letra ikastea umeen oroimenaren garapenerako baliagarria izaten da, zeren eta umeek abestiaren letra entzun eta ikasi behar dute, eta gero, letra hori gogoratu gelan abesteko edo etxean gurasoei irakasteko, adibidez. Gainera, abestiak dantza edo mugimenduren bat baldin badauka , haiek mugimendu horiek ere ikasiko dituzte. Orduan, oroimena lantzeaz gain, psikomotrizitate astuna zein fina lantzen dute eta haien gorputzen kontzientzia gero eta gehiago barneratzen. Mugimendu horiek ere haien espresibitatea lantzeko eta emozioak transmititzen ikasteko baliagarri suerta daitezke.
Oroimena eta gorputz jarrera lantzeaz gain, abestiekin ere hizkuntza lantzen da. Abestiaren letra ikasten dutenean, hitz berriak ikasteko aukera izaten dute eta horrekin batera haien esanahia. Horrela, umeen bokabularioa handitzen joaten da, eta umeek abesten dutenean hitz egin behar dutenez, haien ahozkera eta haien ahozko hizkuntzarekiko trebetasun maila handitu egiten da.
Beste aldetik, abestiak ikasteak, haien herriko kultura eta ezaugarriak aztertzeko eta ikasteko aukera ematen diete. Euskal Herriko abesti zaharrak ikasten badituzte, adibidez, haien herriko tradizioak ikasiko dituzte eta nagusiak egiten direnean, haien seme-alabei abesti berak irakasten badiete, kultur transmizio bat egongo da belaunaldiz belaunaldi. Horrela, antzinako kontuak, ohiturak eta kantak ez dira inoiz galduko.
Amaitzeko, esan beharra dago umeentzako kantatzea eta musika entzutea ariketa dibertigarria dela. Gehienak oso ondo pasatzen dute abesterakoan eta asko gustatzen zaie dantza egitea eta abesti berriak ikastea. Beraz, umeen garapenerako ona den ekintza bat haien gustukoa izaten da eta, horregatik, ez litzateke inoiz galdu behar Haur Hezkuntzan abestiak lantzeko ohitura.
Zuen iritzia berdina bada hemen uzten dizuet abestien izen batzuk eta titulu bakoitzaren gainean sakatuz gero, agertzen den web orrian, abestia entzuteko aukera izango duzue. Gainera, abestiak umeek beraiek abesten dituzte.
Hona hemen abesti batzuk:
Txori txikia
Sagu txiki
Axun, kla kla
Tximeleta mendian

No hay comentarios: